ESK Atal Sindikala · IIS Bioaraba
Zergatik blog hau
Gardentasun-atari bat eta Bioarabako ekintza sindikalaren bozgorailua.
Barrurantz begiratzeko bloga
Blog hau ESKrekin batera egindako ikerketa-lan baten emaitza da, eta Bioarabako langile guztiei zuzenduta dago.
Ez da hutsetik sortu. Bioarabak egoera berezi bat bizi du eta, denborarekin hobetu beharrean, «instituto gaztea gara» esatea ez da jada aitzakia, inoiz izan bada. Oraindik opakutasun handia dago, iluntasun handia, eta komunikazioa urria edo erabat hutsa. Etengabeko berregituraketaren erdian gauden sentsazio iraunkorra dugu: oraindik ez dugu zuzendaritza argirik, ez estrategiarik ez ikuspegirik… eta, batez ere, oraindik ez dugu lan-hitzarmenik, eta zenbait gauzetarako entitate pribatutzat hartzen gaituen lege-sare korapilatsu batean gaude harrapatuta.
Gardentasun-ataria
Blog honen helburua gardentasun-atari bihurtzea da. Gure lan-errealitateaz zuzenean hitz egin nahi dugu, «todas somos BIO pero no» enpresen hizkuntza korporatiboaren haratago. «Euskadiko Osasun Sistema Publikoko I+G+b erakundeen mapa» deritzon horretako txiringitoak nola eraikitzen diren pausoz pauso azalduko dugu, estalitako pribatizazio-egoera horretatik zer arazo eta ahultasun sortzen diren eta horrek egunerokoan nola eragiten digun.
Ekintza sindikala ere bada
Horri erantzunez, gune honek Langileen Legezko Ordezkaritzatik (RLT) egiten dugun lana ikusarazteko ere balioko du. Abusuen, irregulartasunen, gezurren eta etengabeko blokeoaren aurrean, zein urrats ematen ari garen, zein eskubide defendatzen ari garen eta lortzen ari garen emaitzak zehaztuko ditugu.
Ikerketa publikoa babestea
Lan horren atzean helburu ukaezin bat dago: Euskadiko Osasun Sistema Publikoko ikerketa babestea. Une honetan balioan jarri behar dugu egiten dugun lana eta osasun-arloko I+G+b-ak gure gizartearentzat duen benetako garrantzia. Horretarako, funtsezkoa da ikerketa-pertsonal guztiaren eskubideak babestea, bai ikertzaileak bai laguntza- edo kudeaketa-pertsonala. Azken batean, prekarizazioa geldiaraztea eta benetan publiko, garden eta berdintasunezko eredu bat defendatzea da kontua. Gurea dena babestea, denona delako.
Sartu, irakurri eta partekatu.
Ongi etorri!